XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bada ikustekorik
Legazpiko ola zaharra martxan berriro bihar zortzi.

Datorren astean, hilaren 9an, Legazpiko burdinolak bere ateak zabalduko ditue, eta urtero bezala, olagizonak lanean arituko dira aintzinako moduan.

Jakina denez, 1.580eko maiatzaren 3an, Legazpin miraria gertatu omen zen.

Mirandaolako burdinolan, Legazpitik Oñatirako bidean, olagizon haiek lanean ari ziren, igandeko atsedenaldia kontutan hartu gabe.

Mea eta ikatz asko sartu zuten agoian, eta handik 750 libratako burdina ateratzea pentsatzen zuten.

Horren ordez 12 libratako zatitxoa besterik ez zen agertu.

Gurutze baten antzeko zatia, hain zuzen.

Harriturik geratu ziren olagizon haiek.

Eta miraritzat jo zuten.

Jai egunean jai ez hartzeagatik Jainkoaren abisua alegia.

Handik berrogeita hamar urtetara Iruñeko apezpikua azaldu zen Urretxutik eta berarengana jo zuten legazpiarrek, gertaera haren berri ematera.

Eta apezpikuak baietz, hura miraria zela.

Harrez gero, Legazpik Santikutzetan ospatzen ditu jai nagusiak.

Baina gertaera aparte utzita, garbi dago gaurregun ola eta olagizonen mundua oso interesgarria dela berez.

Eta mundu horren berri izateko lehen urratsa Mirandaolako burdinola ikustea izan daiteke.

Oso ondo berrituta
Burdinola hau oso ondo berrituta dago.

Kontutan hartu behar da mende honen hasieran errota bihurtu zela eta denbora zaharretatik ezer gutxi geratzen zela.

1952.ean berritu zuen Legazpiko Patrizio Etxeberria zenak.

Esan bezala, ondo kontserbatzen da garai hartako giroa.

Olagizonek linuzko arropak jazten dituzte, eta hor dago hauspo galanta, ez dakit zenbat behiren larrua hartu zuena.

Berritzerakoan, sutegia edo labea izan zen arazo inportanteena.

Izan ere, sutegi mota asko zegoen garai hartan, eta ez dago garbi jakiterik nolakoa zen juxtu Mirandaolakoa.

Gainera, sutegiaren inguruan argitu gabeko gauza asko dago.

Gaurregun oraindik inork ez du asmatu zein zen meatza urtzeko sistema.

Hamaika proba egin dira, ehun aldiz nahastu zen meatza ikatzarekin, baina inoiz ez zen hortik burdinik atera.

Dirudienez, Erdi Aroko olagizon haiek oso teknika aurreratuak lortu zituzten.

Bestela, honez gero baten batek urtu zuen burdina horrelako sutegietan.

Maiatzaren 10ean goizean goiz hasten dira lanean olagizonak.

Burdina kanpotik ekartzen dute eta gabiaren kolpeez landu.

Hori egin baino lehen, burnia berotzeko lehenengo pausoa aldaparoko uraz baliatzea da.

Ur horrek hauspoa eragiten du, eta honen haizeak ikatza berotu.

Gabiak sekulako danbatekoak ematen ditu.

Eta mailu handi horren ondoan, oinetan txinpartak, jende mordo ikaragarria.

Hauxe da, alegia, gaurregun ospakizun honen alderdi txarrena.

Geroz eta ikusle gehiago doa Mirandaolara.

Orain goizean goizetik txandak jarri dira, ikusleak pila ez daitezen.

Orain historia apur bat.

Mundu honi dagokionez, Legazpi da beharbada Euskal Herriko herririk adierazgarriena.

Azken burdinola herri honetan isildu zen, Bengoleakoa alegia.

Mendearen hasieran utzi zion lan egiteari.

Mendietan zepadiak ikusten dira oraindik.

Zepadiak, hau da, burdinola eta haizeolen hondarrak.

Ondo frogatuta dago Erdi Aroan eta geroztik ere, hemezortziren bat burdinola zeudela martxan Legazpin.

Hauen berri izan nahi duenak Ferrerias en Legazpi liburura jo dezake.

Legazpiar talde batek egina da obra mardul hau.

Eta atzera joaz, merezi du herri honen sorrera bera kontutan hartzea.

Dirudienez, olagizonak izan ziren Aizkorri inguruko lurralde hauetan bizi izaten jarri ziren lehen gizaki oinbidunak.

XII-XIII mendean etorri ziren gizon horiek, antza denez.

Pentsatzekoa da jaun eta jabe an zirela baso itxi haietan.

Dena dela, berehala agertu ziren lehen nekazariak edo ganaduzaleak.

Berehala hasi ziren istiluak.

Arrazoia garbia da: nekazariek lursail zabalak behar zituzten, belardiak arbolarik gabekoak.

Eta olagizonek basoei eutsi nahi, handik egur-ikatza ateratzeko.

Denborarekin nekazariek irabazi eta olagizonak gutxitzen hasi.

Industria modernoaren prezioek ez zituzten errespetatu ola zaharren tresna eta produktu zakarrak.

Irla bakarra geratu da.

Eta lan-egun bakarrekoa.

Datorren astean, hilaren 9an, metalurgiako zenbat gizonek linuzko arropak jazten dituzte eta ola zaharraren danbatekoak entzuten dira aidean.

Fermin LARREA.